 |
|
 |
EUSKAL KOSTALDEKO AZOKA 2006 |
|
10/06/2006 • 18/06/2006 EUSKAL HERRIKO MUGAZ GAINDIKO SEKTORE ANITZEKO AZOKA BERRIA |
|
 |
|
Euskal Kostaldeko Azokak iraungo duen hamar egunetan, merkataritzako azalera handi bat izango da Ficoba, 14.000 m2 inguru; han, 150 erakusketari izango dira, hamar herrialde baino gehiagotatik etorrita, eta produktu eta zerbitzu ugari eta askotarikoak erakutsiko dizkiete bisitariei. Azoka erakusketa aldetik erakargarria izateaz gainera, ludikoa eta jai girokoa da; horretarako, hainbat proposamen gauzatu dira, hala nola, kale-animazioa, jende ororentzako atrakzioak, musika eta dantza-ikuskizunak, tailerrak, magoak edo telebistako Lunnis direlakoak. Euskal Kostaldeko Azokaren lehen edizioa larunbatean inauguratuko da, ekainaren 10ean, 12:00etan, eta Luis Alberto Petit izango da inaugurazioburu; Amerikako Nazioarteko Azoken Elkarteko Zuzendaritza Batzordeko kidea da, eta Ficobako aholkularia.
Marokoko, Egiptoko, Errusiako edo Poloniako artisau-gaiak erosi; etxea dekoratzeko ideiak bilatu; osasunerako, edergintzako, moda eta osagarrietako azken berritasunak ikusi; hainbat erregioetako gastronomi produktuak erosi eta dastatu; eta hori guztia Ficobatik irten gabe. Horiek dira Euskal Kostaldeko Azokaren lehen edizio honen erakusketa-proposamen batzuk; ekainaren 10etik 18ra egingo da Gipuzkoako Erakustazokan.
Azokak 150 erakusketari izango ditu, eta Ficobako hiru pabiloiak eta kanpoaldeko erakusketa gunea hartuko ditu; horrenbestez, Gipuzkoan egin izan den azokarik handiena bihurtu da. Izan ere, Ficobak bultzatutako azoka-proposamen berri honetan nabarmentzekoa da metro karratuen kopurua, erakusketari-kopurua, ikustera eta gozatzera antza etorriko diren bisitari kopurua eta azokaren iraupena bera.
Euskal Kostaldeko Azoka, gainera, Ficoban egin izan den nazioartekoena da. Erakusketarien %40 Frantziatik datoz; %10, Egiptotik, Marokotik; Poloniatik, Portugaletik, Errumaniatik, Errusiatik edo Tunezetik.
Erakusketariak, herrialdeak eta erakusteko produktuak askotarikoak direlarik, Euskal Kostaldeko Azoka ekitaldi erakargarria bihurtzen da adin guztietako jende ororentzat, alegia, familia osoarentzako ekitaldi egokia.
Baina Euskal Kostaldeko Azokaren helburua harago doa. Asmoa da erakusteko jarduna jolas eta jai giroan gerta dadin, Erakustazokan denbora gehiagoan egotera animatzeko.
Horretarako, jarduera-programa erakargarri bat antolatu dute, erakustaldiak, ikuskizunak eta lehiaketak barne. Asmoa da azoka-egun bakoitza desberdina izatea, era guztietako jendearen gustuei erantzutea eta oso azoka dinamikoa eskaintzea.
Honako proposamen hauek nabarmentzen dira Euskal Kostaldeko Azokan: Los Lunnis, ekainaren 10ean; globo aerostatikora igotzeko aukera; kart-zirkuituan lehiatzekoa; jumpinga edo bike-loopinga praktikatzekoa; batukada zuzenean ikustekoa, kanpoaldeko karpan gastronomia galiziarra dastatzekoa; Erakusketan eta Irungo kaleetan zehar ibiliko diren animazio-ikuskizunak gozatzekoa, hainbat tailerretan parte hartzekoa edo magia eta globoflexiako ikuskizunekin gozatzekoa.
Gainera, zenbait jardunaldi antolatu dira jende jakinarentzako. Horrenbestez, ekainaren 12an, “Turismoaren eguna” izango da Euskal Kostaldeko Azokan. Egun horretan egingo da Euskal Herri-Bearneko Turismo Baliabideen Mugaz gaindiko I. Workshopa, Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Euskal Herri-Bearneko Turismo Departamentuak bultzatuta. Ficoban antolatutako topaketa profesional honen asmoa da turismo baliabideen arteko topaketa bultzatzea eta laguntzea, elkar ezagutzeko eta Bidasoaren bi aldeen arteko turismoa sustatzeko eta sinergiak sortzeko, gerora turismo-estrategia komunak garatze aldera. Ekitaldi horrekin batera, Euskal Kostaldeko Turismoko Bulego Publikoen Topaketa Profesionala egingo da, hori ere Ficoban.
Asteartea, ekainaren 13a, zaharrentzako izango da; doan sartu ahal izango dira Erakustazokara. Eta asteazkenean, ekainaren 14an, txikienek hartuko dute txanda. Haurrentzako karaokean parte hartu ahal izango dute, edo ikuskizunekin gozatu, mago baten eta globoflexiako espezialista baten eskutik.
Euskal Kostaldeko Azokak ekainaren 10etik 18ra irekiko ditu ateak. Ostiral, larunbat eta igandeetan, 11:00etatik 21:00ak arte izango da ordutegia; eta astelehenetik ostegunera, 14:00etatik 20:00ak arte. Sarreraren prezioa: 4 euro. 12 urtetik beherakoek doan izango dute sarrera. Sarrera erosita, aukera dago Ficobak antolatzen dituen atrakzio eta jarduera guztiak doan gozatzeko, Los Lunnisen emanaldia izan ezik, eta parkingerako hiru ordu ere, doan.
|
|
 |
 |
 |
Harpidetza ALDIZKARIAN |
 |
 |
Zatos Irunera
|
 |
FACEBOOK
|
 |
Twitter
|
|
 |