|
Datuek erakusten digute Bioterra bere hazkuntza-gaitasunaren mugan dagoela, eta, beraz, haren ibilbidearen bigarren hamarkada hastear dagoela, helburu kualitatiboak jorratu nahi ditu kuantitatiboak baino, erakusketen zein dibulgazioaren alorretan.
Ildo horretatik, Bioterraren proposamen orokorra dibertsifikazio-prozesu garrantzitsua jasaten ari da, eta azoka erakusleiho bihurtzea du helburu, iraunkortasuna ikuspegi integral eta eguneroko batetik jorratzeko aukera ematen duten ekimen iraunkor berriak ezagutzera emateko.
Horregatik, elikadura ekologikoko produktu-eskaintzak garrantzia eduki dute beti, eta hala izaten jarraituko du. Orain, beste proposamen batzuk gehitu zaizkio, besteak beste: geobiologia, bioeraikuntza, energia berriztagarriak, kudeaketa ekologikoa, kosmetika ekologikoa eta higiene naturala, ehun eta osagarri naturalak, habitat osasungarria eta ikuspegi ekologikoa barne hartu duten sektore berriak, hala nola moda, slow fashion kontzeptuarekin, eta etxebizitza, cohousing/covivienda kontzeptuarekin, hau da, kooperazioaren formulaz baliatuta bizitegi-multzo batean elkarrekin bizitzea.
Euskal sektore ekologikoak Bioterraren aldeko apustua egin du
Edizio honetan, inoiz ez bezalako parte-hartzea izango du Bioterrak Gipuzkoako ekoizle ekologikoen aldetik, eta Gipuzkoako Foru Aldundiak sustatu du parte-hartze hori. Izan ere, Bioterran nekazaritza ekologikoaren aldeko apustua egin, eta standaren parte handi bat finantzatu du. Apustu horrekin bat egin du ere Eneek Euskadiko Nekazaritza eta Elikadura Ekologikoko Batzordeak. Bioterraren Batzorde Antolatzailearen kideetako bat da, eta Bizkaiko eta Arabako ekoizleak parte hartzera animatu ditu.
3 mundu Bioterran bizikide
Bioterraren erakusketa hiru gunez osatuta dago. Bioterraren gunean nekazaritza ekologikoko ziurtagiria duten elikadura-enpresak, egiaztatutako ehungintza % 100 organikoa, egiaztatutako kosmetika ekologikoa, etab. egongo dira. Naturall Osasunaren eta Ongizatearen gunea da, eta arlo hauek jasoko ditu: kosmetika eta higiene naturala, ehungintza eta osagai naturalak, habitat osasungarria, terapia naturaletarako osagarriak, ekoturismoa, sendagai naturalak, prentsa espezializatua, etab. Bestalde, Geobat guneak, geobiologiari, bioeraikuntzari, energia berriztagarriei eta kudeaketa ekologikoari buruzko erakusmahaiak edukitzeaz aparte, demostrazio-zona ere edukiko du, eta baita etxe eraginkor bat ere.
Laurogei jarduera baino gehiago publiko guztietarako
Aniztasuna eta kalitatea dira Bioterraren jarduera paraleloen eskaintzaren bereizgarria. Dibulgaziorako gune horietan, adituek, elkarteek eta erakunde publikoek ingurumeneko joerak, ekimen eta politika berriak ezagutzera emango dituzte.
Horrez gain, Bioterrak bereizgarri du izaera parte-hartzailea. Horregatik, aurreko edizioetan bezala, erakusketa-zona ez da ikusteko bakarrik. Izan ere, produktuak dastatu eta erosi eta Ficobako pabiloietako jatetxean dauden proposamen ekologikoak probatu ahal izango dira, baita sukaldaritza-erakustaldiak zuzenean ikusi eta Iñigo Lavadoren jatetxeak azoka dela medio prestatu duen Bioterra menuarekin gozatu.
Bisita osatzeko, aukera dago askotariko dibulgazio-hitzaldietako batera bertaratzeko, edo hastapeneko tailer praktiko hauetara ere: laborantza ekologikoa, etxean konposta egitea, terapia alternatiboak, kosmetika-erakusketak, bioeraikuntza eta energia berriztagarriak Ekintza horiekin familian ere goza daiteke, Bioterrak jolas eta tailer didaktikoak antolatzen dituelako haurrekin doazenentzat. Hala, proposamen eta jarduera ugariek Bioterra publiko guztietarako azoka ekologiko bihurtzen dute.
20 proposamen baino gehiago egunerokoa iraunkor bihurtzeko
Bioterraren hitzaldi-programak ikuspegi anitzetatik jorratuko du iraunkortasuna. Ostiraleko jardunaldian gai hauek jorratuko dituzte: dronen erabilera energia-eraginkortasunean, nekazaritzan eta ingurumenean; etxebizitza eraginkorrak eta gauzen interneta: hondakinen gaikako bilketaren esperientzia Italian; kontsumo arduratsua; eta azala nola elikatu. Halaber, nekazaritza bioekologikoko EHKO taldea eta Bidazi Bidasoako mugimendu ekologiko eta parte-hartzaile berria aurkeztuko dira.
Larunbatean, txanda hartuko dute etxerako ura berotzeko eguzki-berogailuak, eta toxikorik gabe nola bizi, burujabetasun energetikoaren konkista eta klima-aldaketa lantzen dituen hitzaldia. Beste ekimen nagusietako bat moda iraunkorraren ospakizuna izango da, arratsaldean gauzatuko dena.
Igandeko jardunaldia barauari buruzko hitzaldiarekin hasiko da, eta bio-saltokietan frutak eta barazkiak nola maneiatzen eta kudeatzen diren erakusteko tailerra ere egingo da. Ondoren, gai hauek jorratuko dira: material naturalekin zaharberritzea energia-eraginkortasun handiagoa lortzeko; gure seme-alaben elikadura eta osasuna; auto-kontsumo fotovoltaikoa; Hurbilekojalea dendaren aurkezpena, denda ekologiko-eredu ezberdin bat; cohousing-ari buruzko tailerra; eta, amaitzeko, zero hondakinen paradigmari buruzko konferentzia
Datu praktikoak
Bioterraren XI. edizioak ekainaren 6tik (ostirala) ekainaren 8ra (igandea) iraungo du. Inaugurazio ofiziala ostiralean izango da, 12:30ean, eta bertan bilduko dira, besteak beste, Ana Oregi Eusko Jaurlaritzako Ingurumena eta Lurralde Politika sailburua, Martin Garitano Gipuzkoako Diputatu Nagusia, Iñaki Errazkin Ingurumeneko diputatua eta Jose Antonio Santano Ficoba Fundazioaren lehendakaria.
Azokak ordutegi iraunkorra izango du, eta ostiralean eta ostegunean, 10:00etatik 20:00etara egongo da zabalik. Larunbatean, berriz, ordutegia 21:00etaraino luzatuko da. Sarrerak 3 euro balio ditu, eta 12 urtetik beherako haurrak dohainik sartuko dira. Aparkalekua doakoa da.
Naturopatiari buruzko biltzarra
Larunbatean, ekainak 7, Bioterrarekin bat eginez, Naturopatia Lanbidearen Euskal Herriko IV. Biltzarra egingo da. Hitzorduak helburu du naturopatiaren lanbidea eta zerbitzuak Euskadin sustatzea.
http://bioterra.ficoba.org
|