|
Hiru azoka-egun eman ondoren, ekainaren 1etik 3ra, Bioterra 2012k itxi ditu ateak. Eta oso balantze positiboarekin egin du; izan ere, hazi egin baitira bai bisitarien kopurua bai erakusketariena, eta horrela, oraindik ere gehiago sendotu dute Ficoba Fundazioak bultzatzen duen Produktu Ekologikoen, Bioeraikuntzaren, Energia Berriztagarrien eta Kontsumo Arduratsuaren Azoka hau.
Horrela, erakusketariak %7 gehitu dira, 116tik 125era igaroz; bisitari-kopurua, berriz, %7,2 hazi da, 9.971era iristeraino. Datu horiek baieztatu egiten dute 2008an agerian jarri zen Bioterraren hazteko eta sendotzeko joera, erakusketari eta bisitari dezente gehiago izan baitira. “Bitxia da, esan du Ficobako gerente Ander Sarrateak, azokaren igoera krisiaren hasierarekin batera gertatzea. Uste dugu ez dela kasualitatea, baizik eta alderantziz. Krisiak balioan jarri ditu eredu ekonomiko alternatiboak, Bioterrak erakusketariei eta jende orori eskaintzen dizkien proposamenak bezalakoak.
Datuak garrantzitsuak dira, baina Monica Aldayk azokaren aurkezpenean adierazi zuen bezala, Bioterrak soilik hazkuntzaz hitz egiteari utzi nahi dio, nahiz eta oraindik hartarako margenik badagoen, eta eskaintzaren kalitatearen hobekuntzan eta aukeran ardaztu nahi du. Helburu horretan egin da Bioterraren edizio honetako bidearen zati bat. “Horrela ikusi dute erakusketariek eta bisitariek, oso pozik geratu baitira azokako hiru guneetan aurkitu duten eskaintzaren aukerarekin, kopuruarekin eta kalitatearekin, bai Geobaten (bioerainkuntza), bai Naturallen (terapia naturalak eta osasuna) bai Bioterran (produktu eta zerbitzu erabat ekologikoak)”, esan du Bioterrako zuzendariak.
Bioterrako arduradunak ere pozik agertu dira azokaren hiru egun hauetan garatu diren 50 dibulgazio-jarduerek izan duten jarraipenagatik. Hitzordu honen funtsezko alderdia da helburu nagusietako bat dibulgazioa izatea.
Azkenik, nabarmen daiteke Ficoba jarduerei eta fakturazioari dagokienez aurtengo lehenengo seihileko honetan erregistratzen ari den bide positiboaren markoan kokatu behar direla Bioterrak izandako emaitza onak.
http://bioterra.ficoba.org
|