|
Erakusketariek berriro ere babesa eman diote Ficoba Fundazioak duela 8 urtetik bultzatzen duen azoka ekologikoa den Bioterraren edizio berriari, eta hasteko hiru hilabete falta direnean, erakusketa-azaleraren %50a saldua dago. Komertzializazio-datu horiek baieztatu egiten dute Bioterra hitzordu irrikatua bihurtu dela sektorean, tresna erakargarri gisa ikusten baitute beren produktuak eta zerbitzuak ezagutzera emateko eta ekologikoaren kultura zabaltzeko.
Aurreko edizioetan bezala, Estatuko iparrean erreferente den azoka ekologiko honek hiru gai-eremu nagusi proposatzen dizkie erakusketariei eta bisitariei. Bat, produktu eta ekimen ekologikoei eskainia; bertan, nekazaritza ekologikoko elikagai ziurtagiridunak, nekazaritza ekologikorako produktuak eta osagarriak, kosmetika, ehungintza eta kudeaketa ekologikoaren ekimenak erakutsiko dira. Naturall esparruak, bestalde, osasunarekin eta ongizatearekin zerikusia duten sektore guztiak biltzen ditu ikuspegi arduratsu eta ingurunearekiko errespetuzko batetik. Bioterraren eskaintza Geobatekin osatzen da. Bioeraikuntzaren eta energia berriztagarrien gune horretan, irtenbide profesionalak aurkitu ahal izango dira eraikuntza osasungarria eta ingurumena errespetatzen duena gauzatzeko, kontsumoa murrizten duten eta energia naturalak aprobetxaten dituzten energi instalazioak ere bai eta, halaber, Ekonomia Berdearen sektorean lan egiten duten profesionalak eta enpresak.
Adituek Bioterran parte hartuko dutela baieztatu dute
Zenbait hizlarik baieztatu dute Bioterran izango direla. Besteak beste, nabarmendu behar da bertan izango dela Gernot Minke irakaslea, arkitektoa eta aditu alemaniar ospetsua eraikuntza bioklimatikoetan. Material naturalekin, batik bat industriaratu gabeekin eraikitzeko teknika berriak birsortzen, hobetzen eta gauzatzen espezializatu da Minke. Horrela, munduko leku askotan egin ditu proiektuak eta eraikinak, bertako materialak bakarrik erabiliz. Bere ikerketa asko adobezko eraikinetan ardaztu dira. Minkek gogorarazten du oraindik ere gizateriaren heren bat lurrez eraikitako etxeetan bizi dela.
Bioterra Facebooken dago jada
Bioterrak bere presentzia zabaltzen jarraitzen du; orain, baita gizarte-sareetan ere. Jadanik badu bere orria Facebooken, eta haren bidez, azoka jarraitzen dutenei informazioa emateaz gainera, zozketak egingo ditu aldizka Facebooken Bioterraren “lagunak” egiten direnen artean.
Bioterrak lehenengo ediziotik eutsi dio goranzko ildo horri. Iaz, hazten jarraitu zuen, eta ehun erakusketarik eta 9.000 bisitari baino gehiagok parte hartu zuten; hori %7ko eta %9ko hazkuntza da, hurrenez hurren.
http://bioterra.ficoba.org
|