Mendiexporen zortzigarren edizioa 2011ko urriaren 30etik azaroaren 1era izango da, eta, dagoeneko, programazioa zehazten ari da. Berritasunen artean, azpimarratzekoa da Ficobak Banffeko Mendiko Zinemaldiarekin lortu duen lankidetza-hitzarmena, aukera emango baitie Mendiexpo bisitatzen dutenei azken hilabeteotan mundu osoan filmatutako mendiko film on eta ikusgarrienetako batzuk gozatzeko.
Mendiexpo ere –eta, beraz, Ficoba– aurten Banffeko Zinemaldiaren nazioarteko bira hartzen duten egoitzetako bat izango da, bisitariei urtez urte eskaintzen dien proiekzio-eskaintza hobetzeko eta zabaltzeko helburuarekin. Era berean, zinemaldi horrekin lortutako akordioak aukera emango dio Mendiexpori bereziki mendia eta mendiko kirolak maite dituztenei zuzendutako eskaintza sendotzen jarraitzeko. Hemendik aurrera, Mendiexpoko bisitariek aukera izango dute munduko mendizale garrantzitsuenei ohi bezala entzuteaz gainera mendiko film ikusgarrienetako batzuk berri-berritan ikusteko.
Banffeko Mendiko Zinemaldia 1976tik egiten da Kanadako herri horretan, eta munduko mendiko zinemaldirik garrantzitsu eta ospetsuenetako bat da. Zinemaldia aspalditik zabaldu da mundu osoan zehar, Banff Mountain Film Festival World Tour delakoaren bidez, 32 herrialdetan agertzen baitute. Formula bat da zinemaldi horrek proposatzen dituen goi-kalitateko filmak helarazteko. Ekintza-kiroletan, ingurumenean eta abenturan inspiratutako proiekzioak izaten dira.
Link honetan aurki dezakezue Mendiexpoko Banff egunaren aurrerapena:
http://www.youtube.com/user/TheBanffCentre#p/u/0/QOhU0nW686o
|