|
• Wood Ice Climbing (WIC) Mendiexporen seigarren edizioaren barruan gozatu ahalko da, datozen urriaren 31n eta azaroaren 1ean, alegia.
• Eskalatzaile adituak egongo dira Mendiexpon Wood Ice Climbingen erakusketa bat egiteko, besteak beste Jonatan Larrañaga eta François da Milano.
• Mendiko Euskal Federazioko eta Euskal Goi Mendi Eskolako monitoreak Neguko Alpinismoaren lehenengo Indoor ikastaroa antolatuko dute. Mendiexpok sekulako aukera eskainiko die mendizaleei beren trebetasunak praktikan jartzeko neguko hotzaren zain egon beharrik gabe edo egoera onean dagoen izotzaren bila —beti ez baita eskura egoten— auskalo nora joan beharrik gabe. Horretarako Ficobak azpiegitura berritzaile bat garatu du; WIC edo Wood Ice Climbing deitu dio, eta elur maldetako ibilbideetako edota izotz-kaskadetako eskalada baldintzak birsortzen ditu, zaletuek toki estali batean, erakustazokako pabiloietan, hori guztia proba dezaten.
Baina zer dago kontzeptu horren atzetik? Erantzuna zuzen-zuzenean jasoko dute Mendiexpo urriaren 31n eta azaroaren 1ean bisitatzen duten zaletuek. Egun horietan Ficobako pabiloietan pinu enborrez eginiko egitura bat jarriko da, baldintza albait egiazkoenetan elurrezko maldak eta izotzezko kaskada bertikalak simulatzeko bereziki diseinatua, horietan zaletuek ikasi, praktikatu eta euren teknikak hobetu ditzaten…Azken batean, Mendiexpon eskalada praktika ugari egiteko aukera izango dute, gai hauetan lehen urratsak ematen hasi nahi dutenek bereziki, goi mendira joan beharrik gabe, toki estali batean eta segurtasun baldintza on-onetan.
Badira, noski, ingurune naturaletik kanpo izotzean praktikatu duten eskalatzaileak —ez asko, baina— hainbat tokitan aurki daitezkeen enbor biltegiak erabilita horretarako. Mendiexpo praktika horretan oinarritu da, baina haratago joan da eta lehenik prototipo bat garatu du eta geroago egitura sofistikatua, arrapala eta bost dorrez osatua, altuena 4 metrokoa eta gainerakoak 2,5 metrokoak. Egitura honi esker izotz alpinismoaren marko komunean erabat desberdinak diren bi zaletasuni erantzun nahi zaie. Arrapalan mendizaleek glaziar bat nola gurutzatu edo malda izoztu bat nola igo ikasi ahalko dute, hau da, ensanbleko progresio-teknikak edota arrapalako kranponajea, besteak beste; dorreetan, berriz, izotzetako progresio-teknikak, piolet trakzioa, atornilajea, zeharkaldia, “limpiaparabrisas”, yaniroak eta abar garatu ahalko dira. Guztia ere Mendiko Euskal Federazioko eta Euskal Goi Mendi Eskolako monitore adituen aholkularitzarekin, beraiek emango baitute Neguko Alpinismoaren lehenengo Indoor ikastaroa. Eta erakargarri gisa, eskalatzaile adituak, besteak beste Jonatan Larrañaga eta François da Milano, egongo dira Mendiexpon, Wood Ice Climbingen erakusketa bat egiteko.
Orain Mendiexpok urriaren 31n ateak zabaltzea besterik ez da falta, eta mendizaleek euren pioletak eta gainerako materiala hartu eta Ficobako Wood Ice Climbing horretan euren kirolik gustukoena praktikatzeak eskaintzen dituen sentsazioak lehen-lehen eskutik esperimentatzea.
Argibide gehiago: http://mendiexpo.ficoba.org
|