|
Ekitaldi hau 2007an sortu zen, bokazio bikoitza zuela: enpresa-munduan komunikazioaren kultura sustatzea eta, aldi berean, foro bihurtzea profesionalek gogoeta eta eztabaida egin zezaten sektorearen geroaz eta komunikazio-proposamen onenez, horiek azkeneko kontsumitzaileari helarazteko. Hori guztia, Euskadin nahiz inguruan ezaugarri horiek zituen erakusketa-gune bakarra bihurtu zelarik. Aurten, helburu berbera duela dator Abla, jakinik helmuga anbizio handikoa dela eta hori lortzeko heldutasunera iristeko denbora behar duela. Jose Antonio Santano Irungo Alkateak inauguratuko du ofizialki Abla 2008, otsailaren 6an 12:00etan.
Aurten, 25 erakusketari izango dira Ablan. Bisitariei erakutsiko dizkieten proposamenak bi talde handitan bana daitezke. Sormen-prozesuekin zerikusia dutenak, besteak beste: agentziak, argazki-estudioak, web estudioak, marketin aholkulariak, prentsa zerbitzuak, ikus-entzunezko zerbitzuak. Eta produkzio-prozesuekin zerikusia daukatenak; horien artean: inprimatzaileak, aurreinprimazioko zerbitzuak, inprimatzaile digitalak, mailinetako eta packaginetako makineria… Abla 2008ren erakusketa-eskaintza Ficobako 2. pabiloian egongo da, eta, horrenbestez, bereziki diseinatua dago, profesionalen nahiz azkeneko bezeroen beharrak asebetetzeko.
Baina azokaren atala, Ablaren ataletako bat besterik ez da. Izan ere, Abla sendotu egin da, daukan historia laburrean, erreferentziazko hitzaldi-ziklo bat duen ekitaldi gisa, estatu mailako komunikazioaren, marketinaren eta diseinuaren panoraman. Alde horretatik, nabarmendu beharra dago aurre-akreditazio ugari jaso direla eta leku askotatik, gainera; Estatu osoko leku guztietatik. Izan ere, Ablak bere lekua izatea lortu du urte batean soilik, eta hitzordu ezaguna eta irrikatua bihurtu da sektorerako.
Goi-mailako hitzaldi-zikloa Itxaropen horiei erantzute aldera, Abla 2008k hitzaldi-programa zabala eta askotarikoa izango du, betiere komunikazioaren, marketinaren, diseinuaren eta horien euskarrien gai-alor zabalean jarduteko borondatea duela. Horretarako, hiru arlo handiren inguruan antolatu dira Abla jardunaldiak.
Lehen jardunaldian, otsailaren 6an, joera teknikoak izango dira protagonista, eta joera grafiko berriekin lotutako gaiak jorratuko dituzte funtsean. Ricard Casals, Arte Grafikoetako Europako Aholkularien Elkarteko presidente eta aholkulari ezagunak, komunikazio grafikoaren etorkizunaz hitz egingo du, teknologia berriek zein aukera berri eskaintzen dituzten eta horiek nolako ondorioak izango dituzten arte-grafikoen enpresen ereduan. “El futuro de la comunicación gráfica, ¿cross media?” izenburuko hitzaldian azalduko ditu gai horiek.
Asteazken horretan bertan, AGFA enpresak JDF-JMF teknologia berriak arte grafikoen sektoreari nolako aukerak eskaintzen dizkion azalduko die bertara joaten direnei. Gainera, iazko edizioan izandako arrakasta kontuan hartuta, aurten ere Adobe mintegi bat programatu da. Aurten, Adobe Creative Suite 3 gaiaz jardungo dute. Azkenik, Kunsthal Arte Plastikoen eta Diseinuaren Zentroak hitzaldia eskainiko du: “Color y tipografía: la incidencia del cromatismo en el valor expresivo del texto”.
Otsailaren 7an, ostegunean, marketina eta sormena izango dira gaiak; publizisten eta beren proposamen sortzaileen garaia izango da. Guillermo Viglione, Dimensión agentziako presidente eta zuzendariak, “Creatividad eficaz” gaiari buruzko hitzaldia emango du. Dimensión agentziak Donostian du egoitza, eta hazkuntza handia izan du. Estatu mailako agentzia handien artean dago. Sari bat jaso berri du, oraingoan Euskaltelentzat egin duen kanpainarengatik, hain zuzen ere, Espainiako Iragarleen Elkarteak ematen duen “Eficacia de oro” saria jaso du kanpainak.
Era berean, César García López, Bob agentziako zuzendari sortzailea eta publizista ezaguna, ere Abla 2008n izango da –nazio eta nazioarteko 150 sari baino gehiago jasoak ditu–. Kontsumitzaile berrietara iristeko zein arau jarraitu erakutsiko die bertara joaten direnei. Aurreratu du ahalik eta enbarazu gutxien egitea dela lehendabiziko araua.
Abla 2008ko edizioan izango da Moriwase estudio bilbotarra ere. Ezaguna da bere lanetan estilo grafiko berritzaile nabarmena agertzen duelako.
Enpresa txikietan eta ertainetan pentsatuta, horiek baitira Abla 2008k nagusiki jomugan duen jendea, zenbait hitzaldi programatu dira marketinaren inguruan. Haietako lehenengoak “La importancia del marketing y la comunicación para la PYME” izenburua du, eta bi ponentzia aurkeztuko dira. Eduardo Creagh, Análisis e Investigación enpresako bazkide-zuzendariak, irudiari buruz hitz egingo du, eta nortasun korporatiboak enpresaren tresna estrategiko gisa zer garrantzia duen azalduko “La cuestión de los intangibles en la estrategia de comunicación de la empresa” hitzaldian. Bere aldetik, Imanol Muñoz, Lorpen enpresako marketing-zuzendariak, Lorpenen izan duen esperientziaz baliaturik, ikuspegi praktikoa eta zehatza emango du nola marketina elementu estrategikoa den marka bat sortzeko eta kokatzeko. Lorpen enpresa Etxalarren dago, Nafarroan; galtzerdi teknikoak fabrikatzen ditu, eta 56 herrialde baino gehiagotan saltzen du. Azken batean, arrakasta baten adibide praktiko bat.
Abla 2008ko azken egunean, diseinu-joerak eta teknologia berriak izango dira gai nagusiak. “La estrategia de los espacios audiovisuales en Internet” izango da lehenengo proposamena. Angel Irastorza, Gipuzkoako Foru Aldundiko Informazioaren Gizarteko eta Sistemetako zuzendariak, aurkeztuko du hitzaldi hori, i-Gipuzkoa 2010 plangintzan gauzatuko diren ekimenen artean.
On line estrategia berriak eta horiek marketin-estrategietan zer aukera berri eskaini ahal duten izango da Ablaren beste gaietako bat. Lehen eskuko informazioa edukiko dugu, Windows Life izenez Microsoftek egin duen proposamen berriari buruz. Live.com-ek Espainian duen arduradun Ismael Elqudsi-k Microsoftek Interneterako zerbitzuetan egin duen apustu horren berri emango du. Apustu horren helburua erabiltzailearen eskaria asebetetzea da, eta bere on line mundua batzea; horrela, axola zaigun guztia -lagunak, azken orduko informazioa, posta elektronikoa, artxiboak, etab.- leku bakar batean biltzen da. Interneten esperientzia berria da, eta erabiltzaileak kontrola izan dezan eta on line zerbitzuak erosoago, azkarrago eta errazago erabil ditzan diseinatua dago.
Azkenik, ostiralean, Josep Maria Garrofé diseinatzaile ospetsuak packaging-diseinuaren sekretuez hitz egingo du bere hitzaldian.
Ikus-entzunezko sentipenen mundua Komunikazioak egunetik egunera lotura handiagoa dauka zentzumenekin. Abla 2008k joera horren oihartzuna izan nahi du, eta hori dela eta, ekitaldian zehar, bisitariek zuzenean eta bere aldetik ikusi eta esperimentu ahal izango dute nola gune jakin bateko soinu-uhinak, kasu honetan Ficobako 1. pabiloikoak, itzuli eta interpretatu litezkeen kromatikoki eta bisualki. Husmee Studio Graphique enpresaren eskutik heldu da proposamen hau, eta Reactive! izenburua du. Formatu handiko instalazio iragankor bat da, 10 pantailaz osatua. Horiek, sistema informatiko sofistikatu batez bidez, Pabiloian sortzen diren soinuek iradokitzen dituzten aldaketa kromatikoak jasotzen dituzte. Ablaren proposamen berri bat da, eta helburua du bisitariari ustekabea ematea eta gogoetak, iritziak eta esperientziak trukatzera animatuko duen ingurunea sortzea.
Abla 2008ko jarduera-programa osatzeko, bi ekitaldi. Espainiako Sortzaileen Klubak antolatutako “La mejor creatividad”. Espainian, 2006an hedatutako komunikazio-pieza onenak ikusteko aukera ematen du. Gainera, “El Sol, Festival Publicitario Iberoamericano” erakusketak erakustaldiaren azken edizioetako iragarki onenen grafiko hautatuek osatuko duten proiekzioa proposatzen du. Publizitate Agentzien Espainiako Elkarteak laga du Erakusketa hau.
Informazio praktikoa Abla 2008 izaera profesionaleko ekitaldia da, eta beraz, doan izango da hala direla akreditatzen dutenentzako. Gainerakoentzako, 18 euro balio du sarrerak. Abla asteazkenetik ostiralera irekiko da, 10:00etatik 19:00etara.
http://abla.ficoba.org
|