|
Gaur, sektoreko hitzordu garrantzitsuenetako bat da Bioterra, batez beste 12.000 bisitari eta 1270 erakusmahairekin.
Bioterrak bilakaera hori irudi berri batean islatu nahi izan du. Horregatik, logotipo berria egin du, eguneratua, minimalista, azokaren izena nabarmenduz eta publiko orokorreko zein profesionaleko sektore zabaletan ezaguna den Bioterra hitzari indarra emanez.
Bioterra 2018
Bioterra 2018 ekainaren 1etik 3ra bitartean egingo da Ficoban, Gipuzkoako azoka-barrutian. Aurten ere komertzializazioko xedeak % 100 beteko ditu, eta bisitarientzako eskaintza zabala edukiko du, Ficobaren hiru pabiloietan zein kanpoko erakusketa-zonan.
Logikoa denez, nekazaritza ekologikoa azokako sektore garrantzitsuenetako bat da, eta bisitariarentzako erakargarrienetako bat ere bai. Baina publikoak ere bilakaera bat izan du, eta kezka berri horiei erantzuteko, Bioterrak kultura ekologikoaren eta iraunkortasunaren ikuspegi orokor bat eman nahi izan du. Horregatik, elikadura ekologikoarekin eta osasunarekin zerikusia duten proposamenekin batera, beste gai batzuk ekarriko dizkigu, esaterako, bioeraikuntza, kosmetika ekologikoa edo moda iraunkorra.
Edizio honetan, bai Espainiako Moda Iraunkorraren Elkarteak bai Gipuzkoako Modaren Klusterrak hitzaldiak emango dituzte, goiz oso batez, moda iraunkorrari buruz.
Gaur goizean, Ficoban, azokan egongo diren sektore ezberdinetako ordezkariek prentsaurrekoa eman dute, eta, horien artean, Bioterran erakusketaria izango den Maripuri Tijeritas enpresako Garbiñe Tolosak honela esan du: “Moda iraunkorraz hitz egiten dugunean oraindik ere informazio falta handia dago eta kontsumitzaileek haria galtzen dute zigiluez, ziurtagiriez, termino zalantzagarriez eta publizitate iruzurtiaz hitz egiten dugunean”.Halaber, honela azpimarratu du: “Arropa-ekoizpen iraunkorra ez da merkea, baina bai iraunkorra eta kalitatezkoa, eta kontsumo-mota hori bultzatzen badugu, planetari laguntzeaz gainera etorkizuna duen bizimodu- eta ekoizpen-mota bat babestuko dugu, lanpostuak sortzen eta bertako ekonomia aberasten dituelako. Bioterra gai horiek guztiak jorratzeko eta zabaltzeko foro bat da”.
Prentsaurrekoan izan da ere Xabier Mendizabal, “El Curry Verde” jatetxe begetarianoko arduraduna. Bioterrako “Sukaldean” gunean parte hartuko du, munduko sukaldaritza begetarianoaren erakusketa batekin. Mendizábalek bere negoziorako Bioterra bezalako azoka batek zer-nolako garrantzia izan duen azpimarratu nahi izan du. “Guri, ikuspegi profesional batetik, Bioterrak hornitzaile berriak ezagutzeko eta jada baditugun hornitzaileekin harremana estutzeko aukera ematen digu, azpimarratu du. Baina, Bioterrak, ikuspegi zabalago batetik, elikadura-kontsumo iraunkor bati buruz areagotzen ari den kezkari eta interesari erantzuten dio. Gure bezeroekin ikusten dugu hori, badakite kontsumoak gure ingurumenari eragiten diola, eta, horregatik, gero eta pertsona gehiagok produktu ekologikoak kontsumitzea erabakitzen du”.
Nekazaritza ekologikoa
Euskadiko Nekazaritza eta Elikadura Ekologikoaren Kontseiluak (ENEEK) gaur Ficoban ospatutako prentsaurrekoan adierazi duenez, aurten ere, zifra positiboak izan dira nekazatitza ekologikoan, eragile kopuruan %5 eta azaleran %25-ko hazkundearekin.
Gipuzkoan azalerari dagokionez indar gutxien duena izanda ere, eragile-kopuruaren esparruan indar gehien duena izaten jarraitzen du:Euskadiko eragile ekologikoen 10etik 4 Gipuzkoarrak dira.
Nabarmentzeko modukoa den beste datu bat da eraldaketa-enpresa ekologikoek Lurralde honetan duten ezarpena, gipuzkoarrak baitira ENEEKek ziurtatutako eraldatzaile guztien %44. Gipuzkoan, ziurtatutako 87 jarduera daude guztira. Indar gehien okintzak, kontserba bejetalek, sagardogintzak, esnekien eraldaketa enpresak eta zatiketa-gelak daukate.
Elikagai ekologikoen kontsumori buruzko datu zehatzik ez badira ere, 2017aren bukaeran gai honi buruzko zenbait albiste positibo jaso dira. Alde batetik, Estatu mailan elikagai ekologikoen kontsumoak izan duen hazkundea: 2017. Urtean %14 egin zuen gora. Alor honetan Euskadiko datu konkreturik ez dago, baina Estatuan izan den joera gurean ere aintzat hartu daiteke, zalantzarik gabe.
Iritzi hau indartzeko badira arrazoiak: alde batetik, elikagai ekologikoen salmentarako ziurtatuta dauden saltokien kopurua (momentu honetan, 26 establezimenduk dute ENEEKren bermea, tartean zenbait banatzaile handi); beste aldetik, ENEELen erroldan inskribatutako eraldaketa eta merkaturatze enpresak 2016an 75 izatetik, 2017. Urtean 95 izatera pasatu dira eta erregistratutako fakturazioa 20.390.421,22€-takoa izan da, 2016an baino %22 gehiago.
Euskal nekazaritza ekologikoaren aniztasuna irudikatuta geratuko da beste behin Bioterran. ENEEKetik koordinatu eta laguntzen duen EkoEuskadi gunearen 108 metro koadroetan, ortuariak, landareak, barazki kontserbak, plater prestatuen kontserbak, ogia eta opilak, gazta, sagardoa, ardoa, fruitu lehorrak eta bestelakoak eskainiko dituzte eragile ekologiko euskaldunek.
Arantza Eguskiza, ENEEKeko lehendakaria, izan da gaur Bioterra aurkezteko egin den prentsaurrekoan eta bertan adierazi duenez “Bioterra Euskal Herriko jendartearekin harreman zuzena izateko topagune garrantzitsua da ENEEKrentzat. Horregatik, bertoko ekoizpen ekologikoak eta honen produktuen kontsumoak jendarteari eta ingurumenari dakarzkion onurak zabaltzeko ekimenak antolatuko ditugu.
Besteak beste, ENEEKek Bioterran sortuko duen espazioan nekazaritza eta elikadura ekologikoaren inguruko informazioa emango da publiko guztientzat zuzendutako antzerki-emanaldiak egongo dira larunbata eta igande arratsaldean elikadura osasuntsuaren garrantziaz ohartarazteko eta familiei zuzendutako bioaniztasuna eta lurzoru emankorraren inguruko tailerra eskainiko da larunbata eta igande goizean eta arratsaldean. Honez gain, SAREKO proiektu berria aurkezteko hitzaldiak antolatuko dira ostiral eta igande arratsaldean, elikagai ekologiko ekoizleen eta Donostialdeako ostalarien arteko harreman sarea egituratzean oinarritzen den proiektua ezagutarazteko. Horrez gain, Bioterrarekin batera, haurrei zuzendutako landaketa-tailerra antolatuko dugu”.
Datu praktikoak
Bioterraren 15. edizioa ekainaren 1etik (ostirala) ekainaren 3ra (igandea) egingo da. Inaugurazio ofiziala ekainaren 1ean (ostirala) izango da, 12:00etan.
Azokak ordutegi iraunkorra izango du 10:00etatik 20:00etara ostiralean eta igandean; larunbatean, aldiz, 21:00ak arte luzatuko da. Sarrera-prezioa: 3€ (12 urtera arteko haurrak doan). Aparkalekua doan. Euskotrenen geralekua 50 metrora.
http://bioterra.ficoba.org
|