|
LKS aholkularitzak "Ficobaren inpaktu ekonomiko eta sozialari buruzko azterketa" egin du, Ficobaren ekarpen ekonomikoa balioan jartzeko eta gizartean duen eragina identifikatzeko. Gaur goizean aurkeztu dute azterlana prentsaurreko batean.
Ekarpen ekonomikoa neurtzeko, mota horretako proiektuetan zabalki egiaztatutako metodologia klasiko bat erabili da, hots, fluxu ekonomikoak identifikatzea eta inpaktuak epe zehatz batean (kasu honetan, 2016an) kuantifikatzeko input-output taulak aplikatzea. Inpaktu ekonomikoa kuantifikatzeko, halaber, Madrilgo Unibertsitate Autonomoaren Ekonomia Aplikatua saileko irakasle titularrek, katedratikoek eta doktoreek osatutako CEPREDE Iragarpen Ekonomikoen Zentroaren laguntza jaso da.
Zuzeneko inpaktua baloratzeko, aintzat hartu dira Ficobaren funtzionamendu-gastuak, bisitariek gastatutakoa eta sortutako negozioa (ekitaldietan izandako zuzeneko salmentak), hau da, enpresek salmenten edo zerbitzuen bitartez lortutako zuzeneko fakturazioa.
Ficobak egindako erosketak hornitzaileen fakturazio bihurtzen dira. Hornitzaile horiek, aldi berean, beste enpresa batzuei erosten diete, eta, horrela, zeharkako hornitzaileen kate bat eratzen da. Horrek guztiak azokaren zeharkako inpaktua osatzen du. Enpresa horien guztien enplegua zeharkakoa izango litzateke, eta, sortutako soldatak eta soberakinak, berriz, zeharkako errenta (BPG).
Azkenik, zuzeneko zein zeharkako langileek beren errenta erabiltzen dute kontsumitzeko. Hala, fakturazio osagarria sortzen da gainontzeko sistema ekonomikoarekiko (ekoizpen induzitua), eta horrek, era berean, enplegua eta errentak sortzen ditu ere (BPG).
Hiru parametro horiei erreparatuz (zuzeneko eta zeharkako inpaktua eta inpaktu induzitua), hauek dira ereduzko urte batean (2016, kasu), Gipuzkoan izandako emaitza ekonomikoak:
-
Ficobak 28 milioiko balio ekonomikoa sortu du, hots, BPGaren % 0,02.
-
Ficobak 13 milioi euro inguruko errenta sortu du.
-
Ficobak urtero 222 enplegu sortzen ditu, hau da, lanpostu bat bost mila pertsona landuneko. (Ficobak sortzen duen jardueraren ondorioz mantentzen diren enpleguak. Ez dira lanaldi osoko enpleguak)
-
Ficobak 4 milioi eta erdiko zerga-bilketa eragiten du.
Gaur egungo analisien arabera, BPGaren eta BEGdaren (Balio Erantsi Gordina) gaineko inpaktuaren balioak zazpi aldiz biderkatu dira eta sortutako enpleguen kopurua, berriz, lau aldiz biderkatu da, Gipuzkoako Bazkundeak 2007an egindako lehen inpaktu-azterketaren aldean. Inpaktuari buruzko datu horiek argi eta garbi erakusten digute bisitarien eta jardueren kopurua areagotu egin dela. Hori horrela, 2006an 81 ekitaldi egon ziren, eta 2016ean kopuru hori hirukoiztu egin da, 247 jarduera egon baitira. Bestalde, 76.357 bisitari egon ziren 2006an, eta 138.670 bisitari, berriz, 2016an.
Ficobaren inpaktu soziala
Efektu sozialaren eremuan, Gipuzkoa osoan telefono-galdeketa bat egin da. Horretarako, etxebizitza nagusien lagin esanguratsua hartu da (300), eta elkarrizketa gidatuak egin zaizkie Gipuzkoako erakunde nagusien ordezkariei, tokikoei zein lurraldeetakoei. Azterketak nabarmentzen du erakundeak elkarrizketetan parte hartzeko prest daudela.
Ficobak ospe handia du.Bost pertsonatik hirukFicoba ezagutzen du (% 63,2), Gipuzkoan inkestatu direnen artean. Hala, Kursaala bezalako proiektu enblematiko batek baino balio pixka bat baxuagoa lortzen du (% 70,7). Emaitza horiek 2003an zabaldu zenetik 2016ko abenduaren 31ra arte jaso dituen 1.451.329 bisitarien ondorio dira.
Galdeketa erantzun duten pertsonak ados daude Ficobakirudi positiboa ematen duela. Izan ere, balorazio altua jaso du, 7,5 puntukoa 10 puntutik, hain zuzen, eta erantzunak gehienbat 8 puntutako balioan kokatzen dira. Halaber, ia % 76ak badaki azoka-barrutia zein udalerritan dagoen, eta horietatik % 51k parte hartu du Ficobaren jardueretako batean noizbait.
Gipuzkoarrek baloratzen duten beste elementuetako bat da Ficobari mugaz gaindikoa izateak ematen dion berezitasuna, Bidasoaren alde bietako gizarteen arteko konexio-puntu eta elkargune baita.
Ficobaren inpaktua Irunen
"Ficobaren inpaktu ekonomiko eta sozialari buruzko azterketa" agirian, Ficobaren jarduerak haren ingurune hurbilean, hots, Irunen, izandako inpaktuaren gaineko atal berezi bat dauka. Atentzioa ematen duen lehenengo gauza da azokaren jarduerak udalerrian bertan izan duela harrerarik onena. Elkarrizketatuen % 80,45ak ziurtatzen du azoka-barrutia noizbait bisitatu duela, eta kopuru hori kasik % 90eraino heltzen da Irunen bizi diren pertsonen kasuan. Azken urteotako datuetara mugatuz gero, ikusiko dugu irundarrek azoka-barrutira egindako bisitak gipuzkoarrenen bikoitza direla: irundarren % 20ak bisitatu du azoka-barrutia azken urtean, eta gipuzkoarren % 10,95ak.
Inpaktu ekonomikoaren ikuspegitik, azterketak erakusten digu, zenbaki erlatiboetan, Irungo BPGaren % 0,2 Ficobari dagokiola. Izan ere, azoka-barrutiak sortutako errentaren % 27 Irunen geratzen da. Enpleguari dagokionez, Ficobak urtero 78 lanpostu mantentzen laguntzen du.
Inpaktu sozialaren ikuspegitik, azpimarratu behar da Ficoba Irungo egunerokoan errotu egin dela, gizarte irundarrak aisialdiarekin eta denbora librearekin identifikatzen duen proiektua izanik.
Irundarrak gero eta gehiago identifikatzen dira Ficoba proiektuarekin, eta baloratzen dute azoka-barrutiak haren eragin-eremuaren barruko ehundura ekonomikoa eta enplegua sustatzeko eta dinamizatzeko duen gaitasuna. Jarduerek, eta bereziki azokek, Gipuzkoa osoko eta lurralde mugakideetako publikoa erakartzen dute. Ficobara ekitaldi batera bertaratzen direnen ia erdiak bisita aprobetxatzen du eskualdeko beste toki batzuk ezagutzeko, eta horrek ekonomia dinamizatzen du.
Hori guztia dela eta, azterketak ondorioztatzen du Ficobak garapen ekonomikoa eta enplegua sortzen laguntzen duela eta lan-merkatuko eskaintza eta eskaria uztartzen dituela.
|