|
Ume txikiak dituzten familiek edo guraso izatear daudenek hitzordua dute datorren asteburuan Ficoban, Gipuzkoako Txikien Azokaren bigarren edizioa egingo baita.
Ficobak eta Sofeven enpresak elkarrekin antolatuta, martxoaren 31tik apirilaren 2ra izango da azoka. Nafarroako enpresa bat da Sofeven, eta jardunaldiak sustatzen, antolatzen eta koordinatzen eta zerbitzuak osotasunean kudeatzen espezializatuta dago.
Oraingoan, 30 erakusketari inguruk eskaintza zabala aurkeztuko die bisitariei, 0 urtetik 12ra bitarteko umeei zuzendutako proposamenak eginez. Esaterako, hazkuntza naturaleko artikuluak egongo dira, argazkigintzakoak, oftalmologiakoak, adur-zapia eta haur eta haurdunentzako osagarri naturalak, familia-aseguruak, altzariak, arropa, kotxetxoak, familiei informazioa eta laguntza emateko proposamenak, eskola-jazarpenaren aurkako borroka, eskola-proposamenak, ingeles eta matematika eskola, medikuntza, zaintza kiropraktikoak, aldizkariak…
Tailerrak, hitzaldiak eta konferentziak
Txikien Azokako erakusketa-eskaintza jarduera paraleloen proposamen interesgarri batekin osatzen da.
Txikiek eta beren familiek tailerretan parte hartzeko aukera izango dute; adibidez, musikarako hastapena eta kanten, instrumentuen eta jokoen bidezko estimulazio goiztiarra garatzea, bai ingelesez bai gaztelaniaz. Instrumentu bat eraiki ahal izango dute; abakoarekin lehenengo kontaktua izan, ingelesez, eta nork berea egin; burmuinaren garapen psikomotorra sustatu, marrazkiaren bidez; umeei eta bularreko haurrei bihotz-birikak bizkortzen ikasteko tailer batean parte hartu; edo antzerki-ikuskizun bat gozatu, umeei higienerako ohitura onak transmititzeko.
Hitzaldiak eta konferentziak dira beste erakargarrietako batzuk.Arlo horretan, hainbat gai landuko dira; hala nola, lanera itzultzean esnea ematea, ama-esnea ateratzea, ama-esnearen mitoak eta errealitateak, haurdunaldiko prebentzio-zaintzak, erditzea eta erditu ondorengoa, bullyinga eta haren ondorioak, zergatik estimulazio goiztiarra edo kiropraktikarekin osasuna hobetzea.
Haur-arropen desfile bat, ludoteka bat, puzgarriak, taberna-kafetegia eta foodtruck bat maskotarekin; horiek osatzen dute Txikien Azokaren bigarren edizio honetako programa.Era berean, gune bereziki egokituak gaituko dira, gurasoek eta umeek azoka erosotasunez bisitatu dezaten. Esaterako, esnea emateko areto bat gaituko da, eta bertan, sofak, haur-aulkiak, biberoiak berotzekoak, aldatzekoak eta haur-higieneko artikuluak egongo dira.
Zozketak eta opariak
Txikien II. Azoka honetara etortzen direnek aukera izango dute hainbat zozketatan parte hartzeko edo opariak zuzenean lortzeko. Horrela, ateak irekitzen diren bakoitzean sarrerak erosten dituzten lehenengo ehun bisitariei Nafarroako Lacturale markako litro bat esne oparituko zaie, guztira 500 litro banatu arte. Era berean, azokaren hiru egunetan, Nafarroako Lacturale granjarako bisitaldiak zozkatuko dira, eta baita haurrentzako shantala masajea ere, eta zamukarako diseinuzko poltsa/bandolera, haurrak eramateko uretarakoa, familia-argazkia, ingeles-eskolak, arnas-fisioterapiako saioa, zamukarako zaku+eskularru sorta, etab.
Sofeven
Sofeven, S.l Nafarroako enpresa bat da, eta jardunaldiak sustatzen, antolatzen eta koordinatzen eta zerbitzuak osotasunean kudeatzen espezializatuta dago, dela partikularrentzat, dela profesional edo instituzioentzat. Sektorean esperientzia duen talde zabal batek osatuta, Sofevenek sustatzaile espezializatu gisa jarduten du azoketan, kongresuetan, gaikako eraskustazoketan eta horrelakoetan.
Ordutegia eta sarrera
Ostiralean, 16:30etik 20:30era.
Larunbatean eta igandean, 11:00etatik 14:00etara eta 16:30etik 20:30era.
Helduek, 2€; umeek (12 urte arte) dohainik.
PARKINGA DOHAINIK
http://txiki.ficoba.org
|