Irundar artista honen obra lehena da ia udal pinakoteka osoan zabaldurik diren 150 lan inguru jasotzen dituen bilduma handi horretan
José Antonio Santano Irungo alkateak eta Belén Sierra ulturako ordezkariak, Deustuko Unibertsitateko eta arte kritikari Edorta Kortadirekin batera, aurkeztu zuten Ficoban komunikabideen aurrean joan den astelehenean “Menchu Gal eta Irungo pintura ondarea” erakusketa.
Honela zioen alkateak: “Irungo Udalak kezka berezia izan du artista garrantzitsu askok hiriari utzitako ondare handia kontserbatzen. Benetan harro gaudelako arte-ondare horretaz, eta, gainera, gure kulturaren zati delako. Azken hamarkada hauetan egindako lan guztia zabaltzen lagundu nahi dugu, eta horregatik zabalduko da erakusketa handi hau jende guztiarentzat. Egunero ikusten ez den bilduma dugu; aukera ia bakarra aretoa elkarrekin gutxitan partekatzen duten arte-lanez gozatzeko”.
Irungo Udalak pintura-artearen lagin asko bidu ditu, azken urte hauetan bereziki, eta gaur egun pisu handiko pinakoteka dauka. FICOBA Bidasoko Erakustazokako erakusketan lehen aldiz bilduko dira elkarrekin udal pintura bilduma osatzen duten obra ia-ia guztiak. Erakusketa horretan protagonismo handia izango du Menchu Gal Orendain (1919 - 2008) margolariak; eta hark Irun hiriari utzitako ondareak aukera emango dio bisitariari haren obra aretoaren erdi aldean ikusteko. Irundar margolariari eskainitako atal honi beste hogei bat obra gehituko zaizkio, madrilgo Menchu Gal Fundaziotik datozenak, Fundazio horrekin elkarlanerako hitzarmen bat sinatu baitzuen Irungo Udalak 2011ko abenduan.
Bilduma beste obra batzuekin osatuko da, guztira 150 lanetara iritsi arte, zazpi ataletan banatuak daudenak eta bisitariak Ficobako 1 pabiloian ikuskatu ahalko dituenak. Menchu Galen lanez gain, erakusketan egongo dira beste artista batzuenak ere; adibidez, Gaspar Montes Iturrioz, Enrique Albizu, Carlos Las Heras, edo “Mensu”renak. Grabatuak, Irungo paisaiak, argazkiak eta abar dira, guztiak ere udal pinakotekaren zati handi bat osatzen dutenak. Ostiral goizetan bisita gidatuak egiteko aukera egongo da; txanda bat 11:30ean; eta beste bat 12:30ean.
Erakusketa hainbat ataletan edo sailetan sailkatu da, hobeto ikusteko:
saila: Menchu Gal margolariaren obrak.
2. saila: Grabatu eta litografien bilduma.
3. saila: Irungo paisaiak: Hirikoak, landakoak, itsasokoak. Inguruetako eta herrialdeko egile ia guztienak.
4. saila: Junkal. Hiriaren ikur.
5. saila: Zenbait alkate eta pertsona ospetsu.
6. saila: Felipe Iguiñiz argazkilari eta margolariaren obrak.
7. saila: Adour-Bidasoa lehiaketan sarituak.
Erakusketa astearte honetan (uztailak 22) inauguratuko da, 19:30ean, Ficobako 1. Pabiloian (Iparralde hiribidea, 43). Abuztuaren 31 arte egongo da bisitatzeko aukera, ordutegi honetan: astelehenetik larunbatera, 11:30 - 13:30 / 18:00 - 21:00; eta igande eta jaiegunetan: 11:30h - 13:30h.
|