Berrikuntzen artean, mendiART. Azokan 30 erakusmahai egingo dira, eta modu paraleloan, jarduera-programa zabal bat egongo da. Sarrera erosi duen edonor joan daiteke hitzaldi, proiekzio, kontzertu eta jarduera guztietara. Azoka azaroaren 24 eta 25ean izango da, Ficoban.
Mendiexpo, outdoor kirolen azokak, bederatzigarren edizioa egingo du; aurten berrikuntzak daude, Sportjam, ekintza-kirolen azokarekin bateratu baita, leku berean egiten baitzen, era horretan, eskaintza zabalagoa eta osoagoa eskaintzeko. Bi azokek beren izaera mantentzen dute, eta bakoitzak bere espazioa izango duenez, pabiloi ezberdinetan egingo da azoka bakoitza.
Aurreko ediziotan bezala, Mendiexpo eta Sportjam azoketan erakusmahaiak, dibulgaziozko jarduerak eta jolas-jarduerak eskainiko dituzte.
Erakusmahaien eremua
Erakusmahaien proposamenari dagokionez, Mendiexpo espazioan natura-jarduerak egiteko turismo-lekuetako erakusmahaiak egongo dira ikusgarri; halaber, Pirinioetako bi aldetako eski-estazioetako, mendi-giden eta abentura-jardueren agentzietako erakusmahaiak eta mendiko arropa eta materialen erakusmahaiak ere ikusi ahal izango dira. Horrez gain, autokarabanei buruzko espazio zabal bat ere egongo da ikusgai, poliki-poliki, bidaiatzeko modu horrek gero eta zale gehiago baititu. Bestalde, Sportjam espazioan surf, skate, snow eta mikropatinei buruzko eskaintza egongo da ikusgai. Azoka horretan 30 erakusmahai egongo dira.
Banffeko Mendi Zinemaldia
Banff Mountain Film Festival World Tour 2011-12 bigarren urtez jarraian egingo da Mendiexpon. Guztira hamahiru film izango dira eta goizeko zein arratsaldeko bi saiotan proiektatuko dira, azaroaren 25ean, jatorrizko bertsioan, gaztelaniazko azpitituluekin.
Jaialdi hau 1976tik egiten da izen bereko hiri kanadarrean, eta mendiko zinemari buruzko jaialdi nagusienetako eta garrantzitsuenetako bat da mundu mailan. Zinemaldia aspalditik zabaldu da mundu osoan zehar, Banff Mountain Film Festival World Tour delakoaren bidez, zeina 32 herrialdetara iritsi baita. Formula horren bitartez jaialdi honek proposatzen duen mailarik goreneko film proposamena iritsaraziko da, ekintza kiroletan, ingurumenean eta abenturan oinarritua.
mendiARTm Mendietako Herrien Kulturen Jaialdia
Mendiexpok eduki gehiago eskaintzen jarraitzen du. Oraingo honetan mendiART Mendietako Herrien Kulturen Jaialdiaren lehenengo edizioaren programara gehituko da. Ekimen berri honen asmoa da mendiarekin estuki lotuta dauden kulturen ezagutzara hurbiltzea eta sakontzea.
Lehenengo edizio honetan erkidego gonbidatua Aragoi izango da eta Aragoiko Pirinioetako kulturaren ezagutzan murgilduko da mendiART. Hori guztia azaroaren 24an, larunbat arratsaldean izango den hitzaldi eta kontzertu baten bidez. Fernando Blasco TuHuesca sozietateko zuzendari nagusiak Aragoiko Pirinioetako ondasunari, kulturari, aisialdiari eta abenturari buruzko hitzaldi bat emango du. Ondoren, kontzertu bat izango da Olga y los Ministriles taldearen eskutik. Aragoiko musika herrikoiari buruzko ikuspegi pertsonala eskainiko dute bertakoak eta aspaldikoak diren musika-tresnen laguntzaz. Ikuskizuna Aragoiko dantza tradizional nagusietako batzuen errekreazioarekin osatzen da. Olga y los Ministriles Espainiako Folk panoramako musika herrikoiaren talde onenetako bat hartzen da.
Haur eta helduentzako jarduerak, Mendiexpo espazioan
Aurten ere kirolari ospetsu baten bisita izango dugu. Aurtengo edizioan Carlos Suárez madrildar eskalatzailea izango dugu gonbidatu gisa, "Morir en la cima" (Tontorrean hil) izeneko proiekzioa aurkeztuko baitu, non alpinismoaren aurkikuntza pertsonala errepasatzen duen.
Akzio gehiagoko jarduerak nahiago dituztenek, berriz, rapel zein eskalada-murruko hastapen-ikastaroetan parte hartu ahal izango dute, baita Irungo Santiagotarrak klubak antolatzen duen piragua-txangoan edo datorren azaroaren 25eko IX. Mendiexpo irteeran ere.
Aurten ere, bigarren eskuko materialaren Mendimarket azoka egingo da, eta bertan, eskiez gain, snowboard-taulak ere salgai egongo dira.
Proposamen aktiboenak, Sportjam espazioan
Akzioa izango da Sportjam espazioko protagonista. Bertan, bisitariek bi igerileku izango dituzte: batean urpean igeri egiteko lehen saiakerak egin ahal izango dituzte; eta bestean, berriz, Stand Up Paddle probatu ahal izango dute, gero eta ikusmira handiagoa sortzen ari den modalitatea, surf-taula baten gainean zutik egiten dena, arraun baten laguntzaz. Beste igerileku txikiagoetan berrikuntza-zaleek skatefingers (skate hatzekin) kirolaren ur-modalitatea probatu ahal izango dute: finger wake skate izenekoa. Modalitate hori Ficoban ikusi eta probatu ahal izango da lehen aldiz. Halaber, ohiko skatefinger-zirkuituak eta patinatzaile guztientzako skate park bat ere egongo dira erabilgarri.
Datu praktikoak
Azokaren ordutegia 10:00 eta 20:00 bitartekoa izango da, etenik gabe, bai larunbatean bai igandean ere.Sarreraren prezioa 3 eurokoa izango da, eta 8 urtetik beherako haurrek doako sarrera izango dute. Sarrera horrekin, erakusmahaien espaziora sartzeaz gain, hitzaldi, proiekzio, kontzertu eta jardueretara joateko aukera izango dute bisitariek.
Banffeko Zinemaldiko filmak: sinopsia
Blue Obsession
Alaskako glaziarretako izotz kaskada eder eta betiere desberdinak, horiek dira Blue Obsession filmean eskalatzaile batzuen abentura ezohiko batzuen ingurune harrigarria.
The freedom chair. Mendiko kirolei buruko filmerik onena
The freedom chair filmak Josh Dueck eskiatzaile paralinpiko karismatikoak egindako trantsizioaren jarraipena egiten du. Josh Dueck eskiatzaile eta entrenatzaile anbiziotsua izan zen harik eta 2004an eski-istripu batek bere bizitza hoberako aldatu zuen arte. Lehiaketara aulkiko eskiko modalitatean arrakastaz itzuli bazen ere, ez zen pozik geratu. Joshen ametsa zera zen, backcountry –en jaistea, mendirik malkartsunei eta basatienei aurre egiteko. Bere jarrera kutsakorrari esker, amets hori azkenean errealitate bihurtuko da.
Trail collector
Pertsona batzuek era guztietako gauzak biltzen dituzte: zigiluak, txanponak, artelanak, eta abar. Beste batzuek “bideak” biltzen dituzte.
Reel rock: Sketchy Andy
Andy Lewis eskalatzaile estatubatuar narrasa maisua da muturreko slacklining-a deritzonean. slacklining diziplina etorkizunera eramaten du goren-goreneko lerro luzeenetan egiten dituen ibili libreen bidez, eta airetiko trukurik zailenak menderatzen ditu, bere mugak gainditu nahian bezala. Andyk bere eskaladen, slacklining ariketen eta BASE jauzien altuera, zailtasuna eta azkartasuna handitzen ditu eta, bitartean, guk geure buruari galdetzen diogu noraino irits ote daitekeen gehiegikeriarik egin gabe.
Towers of Ennedi
Ennediko basamortua, Txaden, leku beroa, hondarrak estalitakoa da, eta batere abegitsua ez dena. Baina bere barren zabalean taldeka altxatzen dira edertasun izugarria duten harkaitzezko orratz, dorre eta egiturak. Ennediko Dorreakdira. Mark Synnot eskalatzaile beteranoak (bere lorpen teknikoengatik baino urruneko bere abenturengatik ezagunagoa) eskaladako bi izar gazte -Alex Honnold eta James Pearson- paisaia aratz hauek esploratzera eramango ditu.
Concrete dreams
Skateboard mendian behera pistatik, berez, kirol hori ez zen existitzen harik eta Danny Strasser Europako pistetan bere itzulia egiten hasi zen arte.
Reel rock: race for the nose. Radical Reels-en Publikoaren Saria
Ongietorri gizakiak ezagutzen duen lehiaketarik basatienera: El Capitán-eko “La nariz” bidean abiadura errekorra. Mende erdiz, munduko eskalatzailerik onenak elkarrekin lehian ibili dira Yosemite Parke Nazionalean dagoen granitozko mole ikaragarri honetan, harkaitz bertikaleko 900 metro pasatxoak hiru ordu eskasean igoz eta bizitza eta gorputz adarrak arriskuan jarriz plusmarkari segundu batzuk kentzearren.
All. I. Can: the short cut
Hona hemen All.I.Can filmaren kredentzialak: sekulako sekuentziak harrapatu dira, bista kreatiboak, eskiatzaile bikainak eta irudimen handiko eskia. Sari asko jaso dituen film luze honen zati honetan neguko kirolak eta horien ingurua ikusten da.
Reel rock: ice revolution
Iraultza bat ari da gertatzen eta aurretik dabilena Will Gadd kanadiar fanatikoa da. Hogeita hamar urtez ibil zen izotz-eskaladan eta orain Gadd-ek lortu du bere ametsa egia bihurtzea: Britainiar Kolunbiako Helmcken Falls ur-jauzi ikusgarri, zailak baino zailagoetan, sekulako hegal izoztuak igotzea. Gadd eta Tim Emmet, izotz-burruntzi arriskutsuak itzuri eta, munduan den izotz-eskalada hutsenaren eta arriskutsuenaren protagonista bilakatzen dira.
Kadoma. Esplorazio eta abenturari buruzko filmerik onena
“Kadoma” Hendri Coetzeen goitizena da; Hendri Hegoafrikako piraguista ospetsu bat da, Afrikako ibairik basatienak esploratu izanagatik ezaguna. 2010eko abenduan, Chris Korbulic eta Ben Stookesbury estatubatuar kayakista profesionalek Kongoko errepublika Demokratikora lagundu zioten Coetzeeri, lehen aldiz jaisteko Lukuga ibai arriskutsua. Espedizioan zazpi aste zeramatenean gertatu zen tragedia.
C.A.R.C.A.
C.A.R.C.A. filmak zera erakusten digu, gizon batek egiten duen bilaketa erreskatearen mundua hankaz gora jartzeko animaliak erabiliz abalantxa kasuetan. (Umorezkoa)
Hanuman airlines
Hanuman Airlines filmean bi abenturazale nepaliarrek Haizearen Jainko hindua gobernatzen dute, Everesten gailurretik behera parapentean botatzeko misioan eta oraindaino inoiz ikusi ez duten ozeano bateraino joateko duten misio horretan murgildurik
Grand libre au grand cap
Goazen Arnaud Petit eta Stéphanie Bodet-ekin batera, Alpeetako biderik zailena izan litekeena egiteko ahaleginean laguntzera: alegia, Grand Capucin, Mont Blanc-eko mendigunean gailen azaltzen den 3.900 metroko gailur dotorea egitera. . Filmaketa zehatzak eta elkarrizketa biziek barren-barreneraino sartzen utziko digute mendizale-lankidetasun freskagarri eta eraginkor honetan.
Arnaud Petit eta Stéphanie Bodet protagonistek aurkeztuko dute filma eta, ondoren, publikoaren galderei erantzungo diete.
http://mendiexpo.ficoba.org
http://www.sportjam.com
|