Mendiexpo Outdoor Experiencek egunetik egunera adituagoa eta zorrotzagoa den publiko baten eskakizunei erantzun nahi zien eta zaletuek ongi jaso dute asmo hori, eta gustura azaldu dira programaren proposamen berrien aurrean. Ildo horretatik azpimarratzekoa da Mendiexpo izan dela munduko mendiko zinemaldirik ospetsuena den eta Ficobaraino goi-goi mailako proiekzioak ekarri dituen Banffeko Mendiko Zinemaldiaren proiekzioen egoitza. Eta proposamen hau finkatu egingo da hurrengo edizioetarako.
Zaletuek oso ongi erantzun dute Ezagutzaren Zirkuluak izeneko proposamen berriaren aurrean ere. “Jakin ezazu” edo “Har ezazu kafe bat zerarekin” guneetan, esate baterako, bisitariek beren protagonistekin hitz eginez eta zuzen-zuzenean haiei entzunez, ezagutu ahal izan dituzte hainbat kirolari, abenturazale, bidaiari eta abarren esperientziak, adibidez Peio Ruiz Cabestany, Roge Blasco, Alberto Zerain, Rikar Otegi edo Josune Bereciartuarenak.
Mendiexpo Outdoor Experienceren zortzigarren edizio honek izan duen beste erakargarrietako bat kirolari famatuen, batez ere alpinista eta eskalatzaileen ohiko proiekzioak izan dira. Iruneraino etorri da Kanadatik Will Gadd, abentura-kiroletan aditua; Estatu Batuetatik etorri zen Cory Richards alpinista; eta Txekiatik Adam Ondra, nazioartean etorkizun handia duen eskalatzailea. Programaren barruan ziren euskal mendizale garrantzitsuak ere, esate baterako Alex Txikon edo Josu Feijoo.
Bisitarien artean gero eta arrakastatsuagoa den beste jarduera bat MendiMarket da, mendiko eta eskiko materialaren bigarren eskuko azoka, urtetik urtera material gehiago eskaintzen duena.
Aurten Mendiexpo Outdoor Experience urriaren 30etik azaroaren 1a bitartean izan da eta 50 erakusketari izan dira bertan, 32 standetan banatuta.
http://mendiexpo.ficoba.org
|