Azoka Ficoban egingo da, urriaren 30etik azaroaren 1era.
Mendiexpok izena berritu du: Mendiexpo Outdoor Experience, eta aurten zortzigarren edizioa eginda, Gipuzkoako horrelako ezaugarriak dituzten gertaera zaharrenetako bat bihurtu da. Ibilbidean zehar, gogoeta etengabea izan da, bisitarien kezkei erantzutea. Horregatik, espiritua berrituta dator edizio hau, eta helburua du norabidea aldatu eta outdoor kiroletan ardaztutako gertaera handi bat bihurtzea, gero eta “adituagoa” eta zorrotzagoa den jendeari zuzenean bideratuz eta kalitatezko proposamenak eginez.
Proposamen horietako bat da Mendiexpoko proiekzioen ohizko kalitatezko eskaintzara sartzea Banffeko Mendi Zinemaldiari eskainitako jardunaldia. Banffekoa munduko mendiko zinemaldi garrantzitsuena da, eta aurten, Ficoban izango da.
Banffeko Mendiko Zinemari buruzko Jaialdiaren omenez egingo den jardunaldia urriaren 30ean egingo da, Ficobako Auditorioan eta goiz eta arratsaldeko bi saio izango dira, zeinak 10:30ean eta 16:30ean hasiko baitira, hurrenez hurren. Ateak ordu erdi bat lehenago irekiko dira. Saio bakoitzean sei film proiektatuko dira, eta iraupena, gutxi gorabehera, hiru ordukoa izango da. Sarreren prezioa sei eurokoa da, eta prezio horretan erakusketa eremurako sarrera zein Mendiexpo Outdoor Experienceko gainerako jardueretarako sarrera sartzen da.
Adituekin harremanak izatea bultzatzen
Mendiexpo Outdoor Experiencekproposatzen duen beste proposamenetako bat da harreman zuzena bultzatzea outdoor kirolekin zerikusia duten eremuetako profesionalen eta bisitarien artean. Hori lortzeko, informazio- eta prestakuntza-jarduerak programatu dira, oso hurbilekoak direnak, eta horietan, talde txikitan banatuta, zenbait gai landu ahal izango dira, sakon eta adituen laguntzaz.
“Har ezazu kafe bat zerarekin” gunean, bisitariek hizlariekin (bidaiariak, alpinistak, kirolariak) 40 minututan hitz egin ahal izango dute, eta galderak egin zenbait gairen inguruan. Bestalde, “Jakin ezazu” gunean, bisitariek hainbat gairi buruzko informazio sakona jaso ahal izango dute: Nola egin kamera-lanak “Al filo de lo imposible” saioan, nola bidaiatu itsasontziz 17 urtetan, nola entrenatu ultra trailsetarako edo nola babestu zeure burua mendian, edo nola izan mendi-gidaria, betiere proposatutako gaietan protagonista izan den aditu batek lagunduta.
Halaber, Berria egunkariak bere txokoa izango du: Berriasolastokia. Bertan, egunero mendizalebatekin mintzatzeko aukera izango da. Ildo honetan, igandean Josune Bereziartu eta Rikar Otegi izango dira; astelehenean Marimendi elkarteko emakumeek
euren ibilbideen berri emango dute; eta asteartean Alberto Zerainek Himalaiara egindako espedizioez eta bestelakoez hitz egingo du.
Berritasuna, erakusketarientzat ere
Erakusketarien parte hartzea errazteko, hainbat ekimen bideratu ditu Ficobak. Beste azoka batzuetan, adibidez Ablan, hasitako ildoari jarraituz, Ficobak fakturazio aldakorra proposatzen die erakusketariei, Mendiexpo Outdoor Experiencera joaten diren bisitari-kopuruaren araberakoa hain zuzen.
Erakusketaria azokan egon dadin erraztasunak emateko, bere inbertsioa errentabilizatzeko eta gastuak murrizteko ildo berean, Ficobak zenbait gune gaitu ditu, erakusketarien eta bisitaren arteko komunikazioa bultzatzeko. Aukera eskaini zaie erakusketariei pabiloietan “Produktuen pasagunea” izeneko gunea erabiltzeko. Erakusteko modu horretan, ez da beharrezkoa erakusketaria bertan egotea. Bere produktuak pabiloietan hartarako gaitutako gune batean erakutsi besterik ez du egin behar; azafata bat arduratuko baita enpresei buruzko informazio orokorra emateaz.
Proiekzioen programa
Berritasunez gain, protagonistek komentatuko dituzten mendiari buruzko gaien gaineko proiekzioak izango dira Mendiexpo Outdoor Experience azokako erakargarritasunetako bat. Aurreko edizioetan bezala, alpinista ezagun batzuk beren presentzia baieztatu dute datorren urrirako Ficoban. Haien artean Adam Ondra, Cory Richards eta Alex Txikon daude.
Ondrak 18 urte besterik ez dauzka baina mitoen kategoriara iritsi da, eta badago bera munduko eskalatzaile onentzat duenik. Ondrak “zailtasunaren edertasunaz” hitz egingo du Mendiexpon.
Richards alpinista eta argazkilaria da. Aurten Simone Moro eta Denis Urubko kideekin —biak hizlariak izan dira Mendiexpon— Gasherbrum 2rako neguko igoeraren protagonista izan da. Igoera bideoan eta argazkietan erregistratu zuen eta Mendiexporen hurrengo edizioan erakutsiko ditu.
Alex Txiko bizkaitarra eskalatzailea eta aizkolaria da. Uda honetan K2ra igotzen saiatu da, baina azkenean zebilen haize zakarrak eragotzi zion igoera. Alexek 2005ean Makalura mendebaldetik egin zuten igoera aurkeztuko du Mendiexpon.
Baina ez dira haiek izango Mendiexpo Outdoor Experienceko proiekzio-programan parte hartuko duten bakarrak.Bringas-Lizaso familia ere Ficoban izango da, Zelanda Berria bizikletan zeharkatzen izan zuten esperientzia kontatzeko; eta Mireia Miró, eskiatzailea eta mendiko atleta; Will Ladd, abenturazko kiroletan aditua; Axi Muniain surflaria, edo Josu Feijoo, alpinista eta astronautagaia.
Erakusketa gunea
FicobaFundazioak antolatutako azokek emaitza positiboak izaten jarraitzen dute, erakusketari-kopuruaren aldetik. Aurten, Mendiexpo Outdoor Experience azokan 32 stand egongo dira, 20110ean 23 izan ziren, eta 50 erakusketari, iaz 40.
Erakusketarien proposamenei dagokienez, naturan jarduerak egiteko egoki diren turismo-lekuak dezente izango dira. Pirinioen bi aldeetako eski-estazioak ordezkatuta egongo dira, eta mendi-gidarien eta abenturazko jardueretako agentziak ere bai, eta baita mendiko ehungintza ere.
Beste jarduera batzuk eta doako ikastaroak
Aurten, berriz egingo da Mendimarket, bigarren eskuko materialaren azoka txikia. Bertan, eskiez gainera, snow oholak ere izango dira. Era berean, bertan izango dira berriz ere rokodromoa, tirolina, zubi tibetarra, errapeleko hastapena, Mendiak eta Herriaken eskutik; lehen sorospeneko ikastaroak, Gurutze Gorriaren eskutik; eta itsasontzi-erakusketa. Eta eskaintza osatzeko, VIII. Mendiexpo Ibilketa, Irungo Santiagotarrak klubak antolatutako irtenaldia piraguan eta Slackline erakustaldia eta ikastaroa helduentzat eta umeentzat. Slackline oreka-kirol bat da; zinta bat erabiltzen da, bi puntu finkoen artean lotuta, normalean arboletan, eta tenkatuta. Gainera, opari ugari zozkatuko dira.
Datu praktikoak
Mendiexpo Outdoor Experience azokak ordutegi jarraia izango du, 10:00etatik 20:00etara, igandetik asteartera bitartean.Sarreraren prezioa 4 eurokoa izango da; 3 eurokoa, kirol elkarteko bazkideentzat.
Banff Mendi Zinemaldiko Filmak
Dream Result
Ikusleen Banff Saria film radikal onenari. AEB, 2009. Zuzendaria: Rush Sturges. Iraupena: 17 minutu
Atleta aditu eta lagun talde batek ahal denaren mugak esploratzeko beharra sentitzen du. Espedizioak Norvegiara, eta ur-jauzien bila Argentina eta AEB osotik; horiek osatzen dute Drean Resulten programa.
The Asgard Project
Banff Saria: Alpinismoari buruzko film onena. Erresuma Batua, 2009. Zuzendaria: Alastair Lee. Iraupena: 60 minutu.
Asgard Project filmak Leo Houlding-en asmo handiko proiektua erakusten du; alegia, librean lehen aldiz igotzea Asgard mendi ikusgarriaren Ipar Dorrea, Baffin irlan, Artikoaren sakonean. Harekin elkartzen da bere kide Stanley Leary, horma bertikaleko eskalatzailea, eta gailurretik wingsuit-ean (aire-jantzia) jaistea espero dute biek. Denboraldia aurreratua dago, eta bidaia berehala hasi da gaizto jartzen. Asgard mendiaren gainerako iritsiera ikusgarria paraxutean egin ondoren, baldintzak taldearen aurka jartzen dira, eta igoeraren oinaldera iriste hutsa erronka handia bihurtzen da.
Deeper
AEB, 2010. Zuzendaria: Jeremy Jones. Iraupena: 27 minutu
Jeremy Jones eta beste freerider aditu batzuk azaltzen ditu, zapaldu gabeko lurraldeak helikopteroen eta elurretako motoen laguntzarik gabe esploratzeko abenturan. Presta zaitez Deeperrenikusteko Jonesek nola aurre egiten dien sekulan bizi izan ez diten snowboard erronka handienei. Gau osoan oinez, gailurretan lo egiten, zibilizaziotik 100 km-ra akanpatuta, -20º-ko tenperaturak, 10 egun irauten duten ekaitzak eta egunean 30 km ibiliak. Horiek guztiek abentura etengabeko kontua bihurtzen dute. Film hau %100 ekintza da.
Tuzgle
Frantzia, 2010. Zuzendariak: Julien Nadiras eta Vladimir Cellier. Iraupena: 13 minutu
Argentinako Tuzgle sumendiaren behealdean, lurralde miresgarri bat dago, esploratu gabea, arrokazkoa eta harkaitzezkoa. Tuzglek Nina Caprez alpinista suitzarra eta bere eskaladakideak erakusten ditu, basamortuan dagoen jolas-patio honetan zeharreko bidaian.
The Swiss Machine
AEB, 2010. Produktoreak: Nick Rosen eta Peter Mortimer. Iraupena: 12 minutu
UELI Steck sekulan izan den munduko alpinistarik azkarrena da ziurrenik. The Swiss Machinefilmean, Steckek Alpeetan errekorrak hautsi zitueneko igoerak kontatzen ditu. Aire-sekuentzia ikusgarriak ikusten dira, 2.500 metrorainoko hormetan gora abiaduran doalarik. Yosemiten Alex Honnold-ekin elkartzen denean, bere amaierako helburua erabakitzen du Steckek: bakarkako alpinismoan daukan azkartasun-jokoa munduko horma handi eta altuenetara eramatea.
The Longest Way
Banff saria mendiei buruzko film laburrik onenari. Alemania, 2009. Zuzendaria: Chistoph Rehage. Iraupena: 5 minutu
The longest way time-lapse bideo entretenigarri bat da, Pekinetik Urumqi-ra egindako urtebeteko bidaia bati buruzkoa. Bost minutuko film labur honetan, denboraren joana eta ibilitako tartea irudimentsu erakusten dira protagonistaren bizarraren tamaina.
http://mendiexpo.ficoba.org
|