|
Azkenean, 9.341 bisitari izan dira asteburu honetan egin den Bioterran, gai ekologikoen, bioeraikuntzaren, energia berriztagarrien eta kontsumo arduratsuaren azokaren edizio honetan. %2,8ko hazkuntza, 2010ekoarekin alderatuta. %15 hazi da erakusketari-kopuruan, eta %19, erakusketa-azaleran.
Datu horiek oso positibotzat jo ditu Elena Casuso Bioterrako arduradunak. “Oso pozik gaude, esan du Casusok, azokaren datu globalekin. Egungoa bezalako krisi egoeran haziz jarraitzeak agerian uzten du Bioterra jardunaldi guztiz sendotua dela eta sektorean prestigioa daukala”.
Bisitari-kopuruari dagokionez ere poza agertu du Elena Casusok, eta zera adierazi du, “badira urte batzuk bisitari-kopuru optimoa lortu dugula. Esan daiteke edizio bat arrakastatsua izan dela 7.000 bisitaritatik aurrera izan dituenean. Eta azkeneko urteetan, soberan gainditu dugu kopuru hori. Baina, datu horiek garrantzitsuak badira ere, uste dugu esanguratsuagoa dela datu kualitatiboagoak nabarmentzea, hala nola, pertsona batek zenbat denbora ematen duen azoka bisitatzen. Denbora horrek lotura zuzena dauka bisitariari proposatzen zaion eskaintzaren zabaltasunarekin. Bioterraren kasuan, haziz joan da azoka bisitatzen ematen den batez besteko denbora”.
Datu hori zuzenean lotuta dago bisitari-motarekin. Horrelako bisitariak gero eta informazio gehiago eta hobea izaten du, eta jakin ere gehiago daki iraunkortasunaren gaian. Ezaugarri horiek isla dute Bioterrako hitzaldi-programaren harreran ere. Duela urte batzuk arte, jende asko izaten zen elikadura ekologikoari eta osasunari buruzko hitzaldietan; orain, berriz, gero eta interes handiagoa dagoela ikusten da gai espezializatuagoekiko, esaterako, bioeraikuntzarekiko.
Bioterra 2011, Gai Ekologikoen, Bioeraikuntzaren, Energia Berriztagarrien eta Kontsumo Arduratsuaren Azoka ekainaren 3tik 5era egin da Ficoba, Gipuzkoako Erakustazokan. Bioterrak izan dituen emaitza onak Ficobaren jarduera globalak, ekitaldi-kopuruan nahiz bisitarienean, goranzko daukan joeraren barruan daude.
http://bioterra.ficoba.org
|