|
Bioterra 2007 ekainaren 1etik 3ra egingo da, eta Ficobak antolatzen dituenetan lehena izango da bere jarduerak sortutako karbono isurketak konpentsatzen. Ekimen hau martxan jartzeko Gipuzkoako Erakustazokak Irungo Udalaren babesa eta laguntza izan du. Ficobak Ekopassekin lortu duen akordioaren jarduera-eremuaren pean geratzen dira Ficoba Fundazioak berak antolatzen dituen erakusketa guztiak. Bioterraren hurrengo edizioan jarriko da abian eta pixkanaka zabaltzen joango da Ficobako gainerako azoketara: Abla, Construcoba, Equipa, e-xpologística, Euskal Kostaldeko Azoka eta Mendiexpo. Horrela, bada, erakustazoka hauetako bakoitzerako, Ekopasseko profesionalek azterlan bat egingo dute azoka-aktibitateak sor lezakeen CO2 isurketak guztira zenbatekoak diren jakiteko. Isurketa horien bolumena zifra ekonomiko bilakatuko da, eta egunetik egunera negutegi efektuko gasek duten hazkunde handiagoari buelta emateko proiektuetan erabiliko da, atmosferara isurtzen den CO2aren kopuru bat berriz xurgatuz.
Une honetan Ekopass basoa berlandatzen ari da Kenian helburu bikoitzarekin. Alde batetik garapen ekonomiko iraunkorra sortzen du hango komunitateetan. Beste alde batetik, basoa handitzeak murriztu egiten ditu negutegi efektuko gasen isurketen ondorioak, karbono-hobi gisa duen eraginagatik. Ekintza positibo bat, proiektua dagoen tokian dagoela ere. Horrelako ekintza batek, munduko edozein lekutan dela ere, hein berean egiten dio mesede planeta osoari.
Gaur egun Ekopassi atxikirik daude Eusko Jaurlaritza eta hiru euskal aurrezki kutxak.
Karbono isurketen konpentsazioa Ficobak ingurumenaren garapen iraunkor eta errespetuzkoa bultzatzeko duen konpromisoaren markoan dago. Lan ildo hori da Erakustazoka datozen hilabeteotan ekimen berriekin -bertako instalazioetan eguzki plakak jartzea, esate baterako- garatzen joanen dena.
|